ES | EU
Gobierno Vasco

Ikasketa bidaia 2014

  • 2014/05/06 |

Zaraobe institutuko DBHko 4. mailako ikaslek eta zenbait irakaslek bost egun egin zituzten Katalunian barna tittiki-tarraka, ekintza kulturalak eta ludikoak gozatuz.

IKASBIDAIKO EGUNEROKOA 2014

Apirilak 7

Goizeko zazpiak ziren autobusera igo ginenean. Hasierako emozio eta urduritasunak apaltzen joan ziren, bidaiak aurrera egin ahala. Arratsaldeko hirurak izango ziren Bartzelonako Montyuitera heldu ginenerako. Hiriaren ikuspegi orokor bat izan eta sabelak berdindu ondoren, Bartzelonako gune famatuenean barneratu ginen. Katalunia enparantza, Ranblak, Bokeria merkatua… ikusteko parada izan genuen. Ordu beteko bidaia izan zen Malgraterakoa, hotelerakoa alegia. Afaldu, eta gehiegi luzatu gabe, ohera!

 

Apirilak 8

Nahi baino lehenago jo zuen iratzargailuak. Ahaleginak merezi izan zuen ordea, Daliren harribitxi surrealistak baikenituen zain Figerasen. Bere artelanekin harritu eta disfrutatu ondoren, Anpuria Brava genuen itxaroten. Picnica dastatzeko aprobetxatu genuen bertako lasaitasuna. Hondartza inguruan paseotxo bat, baloiari astinaldi batzuk eman… eta Gironako hiriburura abiatu ginen. Gozatu ederra hartu genuen Erdi Arora jauzi egin genuenean, bertako harresi, judutarren auzo eta monumentuen artean. Ondoren, Malgratera joan, afaldu eta ohera!

Apirilak 9

Hirugarren egunean, maletak hartu eta Malgrateko hotela utzi ondoren, berriro izan genuen Bartzelonako hiria bisitatzeko aukera. Nor zen Gaudi? Zer eraiki zuen? Non? Nola? Noiz? Galdera guzti hauei erantzuna bilatzeko gai izan ginen, Familia Sakratuko katedralean egindako geldialdian. 2026rako bukatuko ei dute. Hala bedi! Asteazken hura, iragana eta oraina uztartzeko eguna izan zen. Izan ere, bazkal ondoren, zientzia museora joan ginen. Albert Einsteinek eman zigun ongi etorria. Bi ordu eta erdi pasa genituen esperimentuak eginez, honen ostean, Salouera abiatu ginelarik. Gelen banaketa egin, afaldu eta deskantsurako unea!

Apirilak 10

Ekintza kulturalak nahikoa egin genituela eta, jolaserako erabili genuen laugarren eguna. Goiza, Salouen bertan, Kayetan eta belauntzietan ibiltzeko aprobetxatu genuen. Ura hotz samarra zegoen arren, gustura jardun genuen Mediterraneoko uretan murgilduta. Hotelean bazkaldu ostean, Paintballean jokatzen pasa genuen arratsaldea. Herio inguruan ibili zitzaigun arren, ez zen inor bere saretan erori. Zauri arinak izan ziren gerraren lekuko. Ondoren, dutxa hartu, afaldu, Saloueko gaua ezagutu eta ohera! Apirilak 11 Goizeko hamarretarako ginen Port Aventurako atean. Hala ere, ordu eta erdi behar izan genuen Txinara, Polinesiara zein Mexikora txangoa egiteko. Atzerapen hau zela eta, erreklamazio orriak bete genituen. Gustura aritu ginen atrakzioetan, jende larregi zegoen arren. Afal ordua zen hotelera iritsi ginenerako. Tripa zorriei jaten eman, apain-apain jarri eta guztiak gerria mugitzeko prest! Azken gaua aprobetxatu beharra zegoen!

Apirilak 12

Gosaldu, maletak egin eta hamarrak izango ziren Salouetik atera ginenerako. Pena handiz, bukatzear zegoen hainbeste hilabetez buruan izandako bidaia. Laurak aldera iritsi ginen Amurriora, gauzak ondo atera izanaren harrotasunez eta bukatu izanaren saminez.

bideoa ikusi diaporama ikusi


eta bueltan...


© IES ZARAOBE BHI
Telefonoa: 945393000 | Fax: 945393682 | zaraobe@zaraobe.net