-------------- MAIZ EGITEN DIREN ONARPEN-ESKABIDEARI BURUZKO GALDERAK-------------

Nork egin behar du onarpen-eskabidea?

Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan onarpen-eskabidea egin behar du ikasle bat maila horietan
eskolatu nahi duen orok, eta baldintza hauetakoren bat betetzen bada:

1. Ikaslea 2 urtekoen Haur Hezkuntzan eskolatzea, edo
2. Ikaslea lehenengo aldiz joatea Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxe batera, edo
3. Ikaslea lehendik ere EAEn eskolatua egotea, baina:
a. Ikastetxez aldatu nahi izatea, edo
b. Ikastetxez aldatzeko interesik ez baina une honetan eskolaturik dagoen ikastetxean hizkuntza-eredua aldatu
nahi izatea.

Zein bidetatik bete daiteke onarpen-eskabidea?

Onarpen-eskabidea 2 bidetatik egin daiteke:

1. Ikastetxera joanda, ikaslea eskolatu nahi den maila ematen duen edozein ikastetxetara joanda.
2. Internet eta ikastetxea, eskatzaileak onarpen-eskabidearen zirriborro bat Internetez bete eta ondoren
derrigorrezko agiriak ikastetxera eramanda.

Eskabidea Internetez egin ondoren ikastetxera joan behar al da?

Bai. Lehenetsitako ikastetxera joan eta Interneteko eskabidea egitean bukaeran aipatutako derrigorrezko agiriak utzi
behar dira bertan. Joan beharreko ikastetxearen datuak eta eman beharreko agiriak jakinaraziko dira Internet bidezko
onarpen-eskabidearen bukaeran.

Internetez edo ikastetxera joanda egindako onarpen-eskabide batek balio al du derrigorrezko
agiriak aurkeztu gabe?

Ez. Onarpen-eskabidearen izapidea Internetez hasi nahiz ikastetxera joanda hasi, eskabide bat baliozkoa izateko
beharrezkoa da:

1. Derrigorrezko agiriak ikastetxean aurkeztea.
2. Ikastetxeak eskabidearen frogagiria ematea, ikastetxearen zigiluarekin eta eskatzaileak sinatuta.

Egin al daitezke hainbat onarpen-eskabide ikasle berarentzat hainbat ikastetxetan?

Ez. Onarpen-eskabidea edozein eratan eginik ere (Internetez edo ikastetxera joanda), ikasle bakoitzaren onarpen-
eskabide bakarra egin daiteke.

Zeri esaten zaio "lehenetsitako ikastetxea”?


Lehenetsitako ikastetxea da bertara joanda onarpen-eskabidea egiten dena, edo lehenbizi aukeratutakoa
Internet bidezko eskabidean.

Eskabide bakar batean aukeratu al daitezke ikaslea eskolatzeko hainbat ikastetxe?

Bai. Eskabidea Internet bidez egin nahiz ikastetxera joanda egin, nahi izanez gero 3 ikastetxe arte aukera daitezke
eta, haietako bakoitzean, nahi diren hizkuntza-ereduak lehentasun-ordenan, ikastetxeak eredu horiek eskaini edo ez.

Edozein hizkuntza-eredu eskatu al daiteke edozein ikastetxetan?

Bai. Onarpen-eskubidearen izapidea edozein eratan hasita ere (Internetez edo ikastetxera joanda), eskatzaileak eska
dezake ikaslea edozein hizkuntza-eredutan eskolatzea (A, B eta D), ikastetxeak halakorik eskaini ez arren.

Eskatzaileak hizkuntza-eredu bat edo gehiago eska ditzake, bai eta haien lehentasun-ordena adierazi ere, bai
lehenetsitako ikastetxean bai bigarren eta hirugarren aukeratutakoetan ere, halakorik eskatu badu.

Hautatu al dezaket erlijioa ematea edo ez ematea?

Bai. Eskatzaileak erlijioa ematea edo ez ematea hauta dezake, eta ematea hautatuz gero honako hauek dira
aukerak: katolikoa, ebanjelikoa, islamikoa edo judua. Horretaz gainera, Erlijioen Historia eta Kultura hauta daiteke
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.